XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Bigarren hizkuntzaren irakaskuntzak adar ugari izanik, eremu askoren barruan azter daiteke ikuspegi zabal eta orokorrez.

Elebitasunaren eremua dugu horietako bat.

Eta elebitasuna eta elebitatea (aurrerago ikusiko dugu azken kontzeptu honen esanahia) ditugu hain zuzen Josiane F. Hamers eta Michel Blanc-en Bilingualité et bilinguisme liburuaren muina, edukia eta funtsa.

Elebitasunaren eremuan oinarrizkoa dugun liburu honek honako hamar kapitulu hauek ditu:
1. Elebitatearen eta elebitasunaren luze-zabalerak: zenbait gogoeta metodologiko.
2. Elebitatearen eta elebitasunaren neurketak.
3. Elebitatearen ontogenesia.
4. Elebidunaren jokaera psikologikoa.
5. Elebitatearen luze-zabalera sozio-psikologikoak.
6. Komunitate elebiduna.
7. Elebitasuna eta elebitatea aztertzeko diziplinarteko hurbilketaren lehen urratsak.
8. Hezkuntza elebiduna.
9. Elebitatea eta bigarren hizkuntzaren ikaskuntza.
10. Interpretazioa, itzulpena eta elebitatea.

Hamar kapituluak lau multzotan bana ditzakegu.

Lehenengo biek osatzen dute lehen multzoa eta alderdi orokorrez dihardute.

Lehenengoan, esate baterako, honakoak definitzen dira: elebitatea (kode linguistiko bat baino gehiago duen gizabanakoaren egoera psikologikoari dagokio eta elebitasun indibiduala ere deritzaio), elebitasuna (hizkuntza bat baino gehiago erabiltzen direneko gizataldearen egoerari dagokio eta gizarte-elebitasuna ere deritzaio); elebidun orekatua eta dominatzailea; elebidun konposatua eta elebidun koordinatua; haurtzaroko elebitatea, gaztarokoa eta helduarokoa; elebitate gehitzailea eta kentzailea...

Bigarren kapituluak, berriz, elebitasunaren ikerketan parte hartzen duten hainbat eta hainbat diziplinak amankomunean duen neurketa arazoa du aztergai.

Bigarren multzoan hurrengo lau kapituluak sar daitezke.

Kapitulu hauek orain artean elebitasunari buruz egindako azterketak biltzen dituzte, nola elebidunaren sorreraz eta jokaera psikologikoaz egindakoak hala alderdi sozialari dagozkionak ere.

Hirugarren kapituluak haurraren baitan ematen den elebitasunaren garapenaz dihardu, garapen linguistikoaz, neuro-psikologikoaz, kognitiboaz eta soziokulturalaz; kapituluaren amaieran elebitasunaren garapenari buruzko eredu sozio-psikologiko berri bat proposatzen dute egileek.

Laugarren kapituluan elebidunen jokaeran parte hartzen duten mekanismo psikologikoak aztertzen dira: pertzepzio-mekanismoak, kodifikazio eta dekodifikazio-mekanismoak...

Bosgarren kapituluak elebidunaren identitate kulturala du aztergai bere lehen zatian, hizkuntzak identitate horren garapenean duen rola, nola ikusia den elebiduna eta nola ikusten duen honek bere mundua...; bigarren zatian, berriz, hizkuntza batzu elkarrekin diren egoeretan komunikazioan ematen diren hizkuntz estrategiaz mintzatzen da.

Seigarren kapituluan hizkuntzek taldeen arteko harremanetan eta komunitatearen barnekoetan duten rola aztertzen dute egileek, besteak beste, hizkuntza identitate etnikoen tresna deneko rola ere kontuan izanik.

Zazpigarren kapituluak osatuko luke hirugarren multzoa.

Egileen ahalegina maila psikologiko, sozio-psikologiko eta soziologikoak integratzera dago zuzendua, eta helburu horrekin egiten ari diren diziplina arteko azterketa baten berri ematen digute; proiektu honetan hizkuntzak elkarrekin bizi direnetan ematen diren gertaerak jasotzen dira eta zenbait mailatan aztertzen.

Laugarren multzoan zortzigarren, bederatzigarren eta hamargarren kapituluak sar ditzakegu.

Kapitulu hauek elebitate eta elebitasunari buruzko teoriak aplikatzen direnetako hiru arloz dihardute: zortzigarrenak haurraren hezkuntza elebidunaz, bederatzigarrenak bigarren hizkuntzaren irakaskuntzaz eta hamargarrenak itzulpenaz.

Hamar kapituluen edukiaren aurrean hasieran aipatutako arriskuan eror gaitezke, zuzenkien ez dagozkigun kapituluak baztertuz.

Horretan erori gabe, zilegi bekigu bederatzigarren kapituluari leku zabalagoa eskaintzea.